2008/01/20

txikitako abesti batzuk..

PINTXO PINTXO

"Pintxo Pintxo
gure txakurra da ta
Pintxo Pintxo
bere izena du.
Txuri-beltza da ta
ez du koska egiten
begi bat ixten du
jolastu nahi badu"


BOLONTENA

Bolontena, nere laztana,
ez egin lorik basuan.
Azeritxuak eramango zaittu
erbiya zarelakuan. Bo!



HAURTXO TTIPIA

"Haurtxo ttipia seaskan dago
zait iduri aingerua, lo.
Haurtxo ttipia seaskan dago
zait iduri aingerua, lo.
Ene maitia, ene pottolo,
egina guzu, lo!

Txakur haundia etorriko da
zuk ez baduzu egiten lo
Txakur haundia etorriko da
zuk ez baduzu egiten lo
Ene maitia, ene pottolo,
egina guzu, lo!"

2008/01/19

Power Point-ean egindako pare bat aurkezpen

Hemen duzue Power Pointen egindako aurkezpen bat, sarean aurkitu dudana.



Ni neu ere ausartu naiz nire gaiari lotuta doan Power Point berri bat sortzen eta sarean jartzen.
Zerbait erraza prestatu dut, lehendabiziko aldia dela eta proba bat egitearren.

Dena dela,
ea baliagarri zaizkizuen bertan sartutako 3-4 abesti!

2008/01/16

Gaurkoan Practicum I-eko oroitzapenak etorri zaizkit gogora, horien artean haurrek sarritan abesten zituzten abestiak.

Egia esan, praktiketako lehen egunetan haurrek kantaren bat abesten zutenean hunkituta geratzen nintzela oroitzen dut. Nire ikasleak 3 urte zituzten eta txikitan gelan guk abesten genituen berberak zirela konturatu nintzen! Badirudi urteak aurrera joan arren, gauza batzuk ez direla inoiz aldatzen, beti errepikatzen direla, alegia.

Ilusio handia egin zidan, beraz, oraindik ere kantuen letra oroitzen nuela ikusteak. Ordura arte abesti batzuez ez nintzen gogoratu ere egiten, baina ikasle hauei esker erraz birgogoratzea posible izan nuen.

Besterik gabe, pare bat abestiren letrak idatziko dizkizuet, ea nork ez dituen inoiz abestu!

Esku jolasetarako, esaterako:

Txikiena,txikiena
non zaude
hemen nago
kaixo laguntxoa
kaixo laguntxoa
banoa, banoa.


(Letra errepikatu egiten da behin eta berriz, atzamar bakoitzarekin abestuz; txikiena, nagiena, luzeena, bizkorrena, lodiena eta azkenik, eskutxoa erabiliko ditugu horretarako.)

Edota bazkaltzera joateko orduan abestutakoak:

Gose asko, gose asko
daukat nik, daukat nik
goazen bazkaltzera, goazen bazkaltzera
oraintxe bertan, oraintxe bertan.

2007/12/03

Haurrak irratian abesten

Ez da berria umeek abesti desberdinen bitartez hainbat gauza ikasten dituztela.

Hala ere, haurrek ikasturtean zehar menperatu beharreko kontzeptuak ikastetik aparte, abestiak beste zenbait ekintzetarako ere baliagarriak izan dakizkieke. Horien artean,

txikiek ondo pasatzea
izan daiteke helburuetako bat.

Behean ikus dezakegun bideo honetan argi azaltzen den bezala, 3 haurrek "Maite Zaitut" abesti ezaguna beraien erara Arraio irratian kantatzean, ezin hobeto pasatu dute.

Beraz, ikastetxe batzutan honelako eskolaz kanpoko ekintza asko aurrera eramaten ez direnez, honelako jarduerak planteatzea egokia izan liteke: irratian abestea, hauetan elkarrizketatuak izatea, etab. Modu honetan, eskolako txikiek
era motibagarri eta dibertigarri batean (eta askotan inkonzienteki)
zenbait kontzeptu barneratuko lituzkete.

2007/12/02

Haur kanten diskak

Esan dezakegu "modan dauden" haur kanten diskak Betizu, Txirri, Mirri eta Txiribiton eta Pirritx eta Porrotx-ek argitaratutakoak direla, besteak beste.

Hala ere, hauek ez dira inondik ere ditugun aukera bakarrak. Honela frogatzen digu, esaterako, Donostiako udal musika eta dantza eskolak ezagutzera eman duen haurrentzako disken zerrenda batek.

Beste diska hauek Euskal Herrian nahiz hemendik kanpo argitaratuak dira. Honela, abestiak hizkuntza desberdinetan aurkeztuak agertzen direlarik; baita ingelesez ere! Aukera hau oso egokia izan daiteke etxeko txikientzat, beste hizkuntzekiko harremana sendotzea posible izango bait litzateke beraientzat.

Besterik barik, familian goza itzazue mota desberdinetako diska hauek!

2007/11/16

gurasoei eta umeei zuzendutako bi ikastaro

"HITZA" Eskualdeko egunkaria irakurtzerakoan nire gaiaren inguruko informazioarekin topo egin eta berehala zuei berria zabaltzea etorri zait burura.

Horrela, oraingo honetan pare bat ikastaroren berri ematera natorkizue, Lekeitioko Udaleko Euskera Zerbitzuak antolatutakoak hain zuzen: 0-3 urte bitarteko umeen kanta eta jolasei buruzkoak.

Abestiei dagokienez, lo kantak, jatekoak, altzoan hartuta abestekoak eta errezitatzekoak ikasteko aukera izango da, batik bat.

Dirudienez, antolatzaileen helburua gurasoek "ume txikiekin euskaraz jolasteko eta abesteko tresnak ikastea da".

Gaineratu beharrekoa da haurtzaindegi zerbitzua egongo dela ikastaro hauek iraun bitartean.

Izena emateko epea gaur bukatzen denez eta plazak mugatuak izango direnez, apunta zaitez lehenbailehen!

Izena emateko lekuaren nahiz ikastaroei buruzko egunen eta orduen inguruko informazio zehatzagoa eskuratu nahi izanez gero, klikatu berton!

Ondo pasa!

2007/11/11


Beste egunean haur kanten CD batzuen inguruko informazioa eskeini nizuen; Euskararen Donostiako Udal Patronatuak haur jaioberriak dituzten gurasoei luzatzen dizkietenei buruzkoa hain zuzen.

Oraingo honetan gai honekin lotura duen beste informazio bat gehituko dizuet.

Sakanako Mankomunitateak ere, aipatutako Udal Patronatuak bezala, antzeko eskeintzetan hartu du parte.

Hasteko, Mankomunitate honek haur jaioberriak dituzten gurasoei zenbait material (foiletoa, haur solasen zerrenda, autorako eranskailua eta lerde zapia) bidaltzen dizkie. Gainera, umeek urte bat betetzean, haur kantak biltzen dituen CDa eta CDarekin erabiltzeko gida banatzen zaizkie. Horretaz gain, Sakanako Mankomunitateak haur jolasen eta haur kanten ikastaroak eskaintzen ditu doan.

Gaineratu behar da garrantzi handia ematen diola elkarte honek ere euskarari. Beraz, aipatutako kanta eta jolasak hizkuntza honetan eramango dira aurrera.

Datuak lagungarri izango zaizkizuelakoan, beste bat arte!